Emakumeen munduak 2026

XV. Nazioarteko kongresua

Emakumeak* eta bakeak

Emakumeen munduak kongresua akademiako eta gizarte-aktibismoko emakumeak* biltzen dituen nazioarteko eta jakintza-alor arteko topaketa da.

Euskal Herriak hartu du 2026ko maiatzean egingo den XV. edizioaren lekukoa. Oraingo honetan, gai nagusia “Emakumeak* eta bakeak” izango da, pluralean, emakumeok* bakearen kulturari ematen dizkiogun forma anitzak aitortzeko.

Aurtengo edizioaren berezitasuna da Euskal Herriko, Kolonbiako eta Mozambikeko emakume*, erakunde feminista eta bakegileek bi urte daramatzagula topaketa hau kolektiboki eraikitzen, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura gidari. duela bi urtetik elkarrekin ari gara topaketa hau eraikitzen.

Kongresu hau “Sorburua. Bakearen aldeko emakume internazionalistak” izeneko prozesu kolektiboaren emaitza da. Emakumeek*, kolektiboek eta oinarrizko erakundeek aliantzak sendotzeko eta bakeen inguruan ideiak ereiteko sustraiak bota dituzte –bakeak, pluralean, mendekotasuna ukatuz, eta egunerokotasunetik. Tokiko prozesu bakoitzak ehun amankomun bat josi du, gaur egun mundu-mailako topaketa honi forma ematen diona, alegia.

Emakumeen Munduak 2026 Nazioarteko kongresua (MM26) 2026ko maiatzaren 20an abiatuko da Gernika-Lumoko Batzar Etxean, euskal askatasunen eta demokraziaren ikurra, Bakearen Hiria eta Memoria Demokratikoaren Lekua izendatutako hirian. Maiatzaren 21etik 24ra Bilbon izango gara kongresuko jardueretan parte hartzeko, elkarrekin bakearen inguruko hausnarketei jarraipena emanez. Maiatzaren 23an, larunbata, hiriko gunearen jai-agenda izango da, eta kalejirak, memoriaren eta bakearen aldeko ibilbideak eta kaleko kultur adierazpen anitzak izango ditugu. Maiatzaren 24an, igandean, itxiko dute, Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Emakumeen Munduak XV. kongresua sareak eta estrategia feministak ehuntzeko gonbidapena da, aldaketak bultzatzeko, zubiak eraikitzeko eta bestelako etorkizuna irudikatzeko. Justiziatik eta baketik mundu bizigarriago bat pentsatzeko espazio kolektiboa izango da.

“Hiltzen gaituzten gerrarik gabe, eta zapaltzen gaituzten bakerik gabe”.

Aurrekariak

Izaera organikoa duen kongresua da, edizio bakoitza aurrekoarengandik autonomoki sortzen delarik, kontinentetik kontinentera. Lehenengo topaketa 1981ean izan zen, eta harrezkero, lau urtean behin, edizioek askotariko formatuak aurkeztu dituzte agendan. Parte-hartzaileen kopurua ere topaketaren araberakoa da, esaterako, Mozambikeko edizioan, 2.000 pertsona bildu ziren aurrez aurre, eta beste 800ek birtualki jarraitu zuten.

XV. Emakumeen Munduak kongresuak akademia formalaren eta aktibismo sozialaren arteko sozializazio- eta konexio-eremu anitza izatea du helburu, mundu osoko emakumeen* ahotsak ernaltzeko leku seguru eta anitza. Adierazpen modu guztiak aintzat hartu eta errespetatuko dituen giroa ekarriko du: ezagutza modu desberdinetatik sortu, bateratu eta adierazi daitekeela abiapuntutzat hartuz.

Antolatzaileak

Gernika Gogoratuz, 1987an Gernikako Bonbardaketaren 50. urteurrenean sortutako Bakearen Aldeko Aztertegia da. Bere helburua «gogoeta zientifiko batek sortu edo babestutako ekarpenen bidez, hiriari edota Gernikako ikurrari lotuta, mundu mailan eta Euskal Herrian, bereziki, bake emantzipatzailea eta justua lortzen laguntzea» da. Aurreko edizioko (2022) Mozambikeko erakundeekin lankidetzan, Emakumeen munduak kongresuaren hurrengo edizioa jasoko du anfitrioi gisa Gernika-Lumon eta Bilbon.

Gernikatik Mundura gobernuz kanpoko erakundeak elkartasun internazionalista, kulturartekotasuna eta artikulazio komunitarioaren alde dihardu bizitza defendatzeko. Gernika Gogoratuzen aliatua izanik, eta Euskal Herriko elkarte-sareko gertukoa, XV. Emakumeen Munduak kongresuko ko-anfitrioia izango da.